Osakidetza lehen urratsak ematen hasi da pediatriako zainketa aringarrien unitate espezifiko baten sorreran, paziente helduentzako arretatik bereizita egongo dena. Aspanovas eta Umeekin elkarteek hainbat urtez egindako aldarrikapenek fruitua eman dute, onartu berri den 2023-2027 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoak, azkenean, unitate horren sorrera jasotzen baitu. Aspanovasek, Jose Luis Quintas D铆ez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordearekin eta Jes煤s S谩nchez Etxaniz Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Pediatriako Etxeko Ospitalizazio Unitateko pediatra arduradunarekin hitz egin du, egitura berri horren xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko.

Aspanovas eta Umeekin elkarteek positibotzat jotzen dugu Plan honetan kontuan hartu izana minbizia duten adingabeen eta haien familien testuingurua eta premia bereziak. Horregatik, gure ustez, pediatriako zainketa aringarrien unitatea sortzea oso albiste ona da, zalantzarik gabe.

Jos茅 Luis Quintas D铆ez: Bai, zalantzarik gabe. Plan Estrategiko hau lankidetza-prozesu izugarri batean burutu da maila profesionalean. Kontuan izan behar dugu ez garela hutsetik hasiko. Gurutzetako pediatriako etxeko ospitalizaziorako zerbitzu-unitateak, gaur egun pediatriako aringarriak egiten dituenak, berdin jarraituko du. Orain, berrikuntza nagusia da Gurutzetako eredu arrakastatsu hori erreferentziatzat hartu dugula eta zabaldu egingo dugula. Hala, kasuak Donostian, Azpeitian edo Laguardian gertatzen direnean, funtzionamendu-eskema bera izan dezatela eta prestazio berberak jaso ditzatela. Planaren nobedade nagusia da EAE osorako erreferentzia izango den Pediatriako Diziplina Anitzeko Talde bat sortuko dela. Talde horrek Gurutzetako Ospitalean izango du bere egoitza eta Pediatria, Erizaintza, Psikologia eta Gizarte Lana arloekin osatuta egongo da. Eta era berean, erreferentziazko hiru laguntza-talde pediatriko ere eratuko dira, Donostiako Ospitalean, Txagorritxun eta Basurtuko Ospitalean. Esan dezakegu, Gurutzetako Ospitaletik azken urteotan eskaintzen ari den etxez etxeko arreta-zerbitzuaren bilakaera dela, ospitale honek hartuko baitu bere gain egitura berri horren lidergoa.

Jes煤s S谩nchez Etxaniz: Hala da. Orain arte, Araban eta Gipuzkoan ez zegoen zainketa aringarrien unitaterik, baina arreta aringarria bai eskaini izan dela. Agian umezurtzagoa izan da etxeko arretari dagokionez, horretarako baliabiderik ez zegoelako. Baina orain, plan berri honekin, baliabideak banatzen eta Gurutzetako formula zabaltzen saiatuko gara.

Euskadiko minbizia duten haurrek eta haien familiek zertan nabarituko dute egitura berri hori?

J.S.E.: Guzti honen azken helburua haurren eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea da, unerik zailenetan. Haur horiek eta haien senideek fase kliniko desberdinak igarotzen dituzte, eta ez dute beti zainketa aringarrien unitate baten kontrolpean egon behar; arreta aringarri hori onkologoek, lehen mailako arretako pediatrek eta, kasu konplexu batzuetan edo eboluzio-faseetan, guk bat egingo genuke jada lanean ari diren profesionalen talde horrekin. Eta, nire esperientziak erakutsi dit, profesionalen sare-lan horrek lasaitasun handia ematen diela familiei une zail horiei aurre egiteko orduan.

Pediatriako zainketa aringarrien unitateak zerbitzu horren antolaketa berri bat planteatzen du Euskadi mailan. Horrek baliabideak gehitzea ere ekarriko du?

J.L.Q.D.: Honako hau, baliabideak gehitzea aurreikusten ez duen plan estrategiko bakarrenetako bat da. Baina horrek ez du esan nahi baliabideen kopurua handituko ez denik. Kontuan izan behar da, halaber, une honetan arazo koiuntural batekin gaudela, eta horrek asko mugatzen dizkigula hazteko aukerak; izan ere, ez dugu pediatrarik kontratatzeko, ez dugu familia-medikurik, ia ez dugu erizainik, ezta onkologorik ere. Oso egoera zailean gaude. Baina hori ez da planean berariazko baliabiderik jarri ez izanaren arrazoia. Zehazki, pediatriako aringarrien atalean, kasuistika txikia izanik, baliabide gehiago jartzeko beharrik ez dagoela ikusten dugu. Helburua da pediatriako arreta orokorreko, onkologia-arreta orokorreko edo haur eta nerabe guztien arreta neurologiko orokorreko profesionalak prestatzea begirada aringarri hori eskuratu dezaten, haur horiekin lan egin ahal izateko eta kasu konplexuenei begirada aringarri horrekin erantzun ahal izateko. Kontua ez da baliabideen dotazio kuantitatiboa, baizik eta lehendik ditugun dotazioak prestatzea eta berrantolatzea. Ez gara kopuruan hazteaz ari, kualifikazioan hazteaz baizik.

Beraz, gakoa hainbat diziplinatako profesionalen prestakuntza izango da, ikuspegi aringarri hori emateko gaitasuna izan dezaten.

J.L.Q.D.: Hori da. Prestakuntza-planean baliabideak jarriko ditugu.

J.S.E.: Jabetzen gara bizi dugun egoera zaila dela. Lau ospitaleok argi daukagu garrantzitsuena plana aurrera ateratzea dela eta haur horiengan arreta aringarriak duen garrantziaz kontzientziatzea. Eta horretan ari gara lanean. Hala ere, Plan hau edo, adibidez, eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan Aringarri zirkuituaren bidez etengabeko arreta ematea bezalako ekimenak gauzatu ahal izateko gomendatutako ratioak zein diren adierazten duten eredu nazionalak daude. Eta horra iristeko zerbait gehiago beharko da. Denok dakigu bizi dugun egoera ekonomikoa zein den eta ezin dela azpiegitura ideal bat izan, baina ditugun baliabide berberekin gauza gehiago egitea oso zaila da.

Epeei buruz hitz egin dezakegu? Noiz ikusi ahal izango dira eredu berri honen lehen emaitzak?

J.L.Q.D.: Behin Plan hau onartu ondoren, prozesua profesionalen esku dago orain. Nik ezin diet eperik ezarri. Baina uste dut laster hasiko garela gauzak ikusten. Pausoak ematen ari dira. Eta nik uste dut hemendik urte amaierara lehen emaitzak ikusi ahal izango direla. Horretaz konbentzituta nago.

J.S.E.: Bai, pixkanaka garatzen ari den prozesua da. Badakit Donostiako Ospitalean edo Txagorritxun denbora bat daramatela unitate hori ezartzeko lanetan. Zentro guztietan ari dira dagoeneko beren baliabideak aztertzen, gure arteko komunikazio-ildoak ireki ditugu jada鈥 Horrek erakusten du guztion artean arreta hori hobetzeko nahia dagoela. Bide luzea daukagu aurretik, baina hasi gara ibiltzen.

Prozesu luze eta neketsua izan da, eta profesional ugarik parte hartu du, baita hainbat diziplinatako elkarteek ere, besteak beste, Umeekin elkarteak. Guretzat oso garrantzitsua da Hirugarren Sektoreko erakundeen balioa aitortzea, besteak beste, gaixoen eta haien familien ahotsa eramaten baitugu. Zuen ustez, zein izan behar da elkarteok bete behar dugun zeregina?

J.S.E.: Sareko lanaz ari garenean ez gara Osakidetzako profesionalez bakarrik ari, Hirugarren Sektorearen zeregina, Umeekin edo Aspanovas bezalako elkarteen lana, oso garrantzitsua baita. Orain arte inplikatuta zaudetena baino gehiago inplikatu nahi zaituztet prozesu honetan. Helburua gaixotasun larriak dituzten pertsonei laguntzea da eta eremu ezberdinetako pertsona askok lagun diezaiekegu gaixotasuna ahalik eta ongien pasa dezaten.

J.L.Q.D.: Jesusek esandakoa osatuz, nabarmendu nahi nuke 2023-2027 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoan sareko lanaz hitz egiten denean atal espezifiko bat dagoela Hirugarren Sektoreaz hitz egiten duena, garrantzi handia ematen baitiogu gai honi. Sistematizatu egin behar dira harremanak Osasun-sistemaren eta Hirugarren Sektorearen, hau da, Zainketa aringarrien inguruan dagoen asoziazionismoaren artean. Eta horrek aurrera egin behar du.

J.S.E.: Orain arte lankidetza egon da Aspanovas bezalako elkarteekin, eta profesionalekin aurrera egingo dugun bezala, Aspanovas bezalako elkarteekin dugun harremanean ere aurrera egitea gustatuko litzaidake. Komunikazio arina lortu behar dugu gure artean, helburu berak ditugulako.